Gabon egunak
eta gabonaldiak
desatseginak.
Yearly Archives: 2022
Beldur
Udaberrian
erlea gerturatu
eta zu izutu.
Frontwomani
Zuk agian ez duzu gogoratuko,
baina gabon zahar gau batean
Durangoko Kafe Antzokian
dantzan geunden bitartean
musikaz hitz egiten egon ginen
eta hain polita zeundenez
nik garai hartan neska-laguna neukan arren
zurekin
musikaz hitz egitetik
maitasuna egitera joateko nahiak izan nituen,
baina,
ze pena…
Hiru musu zuretzat
Lehenengoa
eta bigarrena eta
hirugarrena.
Idazleon ahotsaz
Idazleok
beste idazleen ahotsak entzunda
geure ahots propioa aurki dezakegu,
baina
idazleok
beste idazleen ahotsei geure belarriak itxiz
eta garen idazlearen ahotsari belarriak zabalduz
geure ahots propioa aurkitu ahal dugu ere.
Euskaldunon erabakien erabakia
Erabakirik onena,
askatasun osoz
hartu dezakegun
erabakirik onena
euskaraz
euskararekin
euskararentzat
eta euskaragatik
hil arte
bizitzea da,
erabakirik onena
hartu dezakegun
askatasun osoz,
erabakirik onena.
Zeu…
Nirekin bazina, nirekin,
nire bihotzeko ohean leku bat egingo nizuke batera amestu gintezen,
nirekin bazina, nirekin
nire buruko neurona guztiak zugatik galduko nituzke,
nirekin bazina, nirekin
nire ahoko hitz politenak zuretzat liratekeen bezala nire ezpainetako muxu sentikorrenak zuretzat izango ziran,
nirekin bazina, nirekin,
nire eskuen atzamarren laztanik leunekin maite zaitut bat zure azalean idatziko nuke,
nirekin bazina, nirekin
besoekin maiteminduen besarkadarik eguzkitsuena emango nizuke,
nirekin bazina, nirekin
nire begiak zugana joango litzaizkidakeen itxita baneuzka ere,
nirekin bazina, nirekin,
zurekin nengoke
eta gurekin geundeke,
nirekin bazina, nirekin…
Zein
Gerran
lehenengo biktima
bizitza bera da
gerran
lehenengo hiltzailea
heriotza den bezala
eta
bakean
zein litzateke
lehenengo zorionekoa eta zein lehenengo bizitzailea?
Ba al zaude prest
Berbaz berba,
notaz nota
kolorez kolore,
aromaz aroma,
irudiz irudi
eta ametsaz amets
munduari
beste izen,
nota,
kolore,
aroma,
irudi
eta amets
emango diogu,
Berbaz berba,
notaz nota,
kolorez kolore,
aromaz aroma,
irudiz irudi
eta ametsaz amets…
Buruko zein bihotzeko kontu zaharrak
Batzuetan, burua ideia gehiagorako ez dugun bezala
bestetan, bihotza sentipen gehiagorako ez daukagu
eta
burua sentipenez eta bihotza ideiez beteta dauzkagunean
gerta dakiguke
ez jakiterik nori kasu eta men egin,
buruari edo bihotzari.
