Naizena izan guragatik
zer errua daukat nik
eta
ez naizena izan ez guragatik
zer errua daukat nik.
Naizena izan guragatik
zer errua daukat nik
eta
ez naizena izan ez guragatik
zer errua daukat nik.
Erregeen koroetatik
baserritarren txapeletara
bi mundu ezberdinen aldea dago.
Sokatik
hamaika aldiz
nahigabe
jausi den funanbulista naiz,
baina
oraingoan
sokatik
lehen aldiz
nahita
jausi daitekeen funanbulista naiz.
Ez dut gogoratzen
idatziko dudana
jadanik idatzi dudan edo ez,
baina aita hil zitzaigunetik
bere heriotzari buruz
norbaitekin
hitz egin dudanean
guztiei gauza bera esan diet:
aitaren heriotza baino lehen
hausten den beirazko kopa bat bezala
mila zatitan hautsiko nintzela uste nuela
eta
aitaren heriotzaren ondoren
nire barruan
Gernikako arbolaren enbor gogorregia neukala
antzeman dudala.
Nigan
bilatzen zabiltzatena
ez duzue aurkituko
eta
nigan
aurkitu dezakezuena
ez zaudete bilatzen.
Erori
eta altxatu,
altxatu
eta erori:
bizitzaren funtsenetariko bat.
Gehiago
eta hobeago
idaztea ahal da,
nola ez,
baina
gehiago
eta hobeago
idazteko
gehiago
eta hobeago
idatzi behar da.
Idazten baino ez
lan egiten duten
idazleak badaude
eta
idazten
lan egiteaz gain
lantegian lan egiten dugun idazleok bagaude ere.
Atsedena gehien
merezitzen duenak
oporrik gabe
beste behin ere
eta
atsedena gutxien
merezitzen dutenek
oporrekin
beste behin ere.
Atzo lagun on bati
nahi duenerako naukala
esan nion,
baina
politikarako izan ezik
esatea
ahaztu zitzaidan.